2017/12/12

Reggio Emiliako eskolak



2017ko urriko zubia zela eta HikHasik antolatuta, Reggio Emiliako eskolen inguruko formazioa jaso genuen bertan. Alderdi teorikoa zein praktikoa lantzeko aukera  izan genuen. 

Taldean joan ginen batzuk oraindik ez dugu denborarik izan bakoitzaren ekarpenak, ideiak, bizitakoak metatu eta material amankomun bat egiteko. Gure hausnarketarako, gure erabilerarako eta gure formaziorako ( banakako zein taldekoa). Hori egiteko luze baino lehen elkartuko gara. Baina Monikak eta Nereak, beraien eskoletan partekatzeko aurkezpen hau egin dute eta eskuzabaltasun osoz gurekin konpartitu dute aperitibo bezalaxe. 

Espero dut nik bezain beste gozatuko duzuela material honekin, ideiak hartu, praktikan jarri, behatu, taldean hausnartu, erabakiak hartu eta praktikan jarri, behatu... 

Aurkezpena:

Reggio Emiliako aurkezpena 


ESKERRIK ASKO BIKOTE!!!


Good books good friends

2017/12/10

Patioarekin zer?

Eskola espazioan patioa ere sartzen da bere horretan. Denok dugu buruan eskola bat bere patioarekin. Baina ez dugu horren barneratua, patioa eskolan. 

Zer esan nahi dut? Eskolako espazioak eraldatzea gauza bat da, baina patioa? Ez dugu horren "gure" sentitzen?

Noiz erabiltzen dugu? Jolasgaraian? Jo... jolasteko garaia. Ordu arte ez dute jolasten? Patioa beste espazio bat baldin bada, aldi oro egon beharko litzateke irekia. Behar eta nahi dutenek aire zabalean bere aprendizaia gauzatzeko, espazio itxietan garatzen ez diren zenbait ahalmen fisiko eta kognitibo landuko baitituzte. Pertsona osasuntsuak eta zoriontsuak hezi nahi baldin baditugu, behintzat. Edo ez al dugu batek baino gehiagok umeekin kalera "alde" egin, espazio itxian erretxinduta zeudelako? Beraz, badago zerbait kaleak duena, espazio itxiak ez duena, ezta?


 Zein onura ditu espazio zabalean aritzeak?


  • Motorikoki gehiago mugitzen gara. Horrek garunera oxigeno gehiago iristea dakar eta horrek aldi berean, bere funtzionamendua hobetzen du. Hala, estresa gutxitu eta bizipoza gehitzen du. 
  • Pertsonok berez dugu jakinmina, berez dugu behatzeko, aztertzeko, galdetzeko... grina eta ahalmena. Kanpoaldeak, aldakorra dena berez (eguraldia, urtaroak, xomorroak, ura...) hori eta gehiago eskuragarri jartzen ditu inongo helduaren esku-hartzerik gabe. 
  • Itxia ez denez, aldakorra denez, sormena eta irudimena funtzionamenduan hasten da "betikoa" ez dugulako egunero, alegia. 
  • Norberaren autoirudian eta autokonfidantza lantzeko eremu paregabea dugu. Norberak bere bidea egiten du, beldur zein ezintasunak gainditzeko denbora, leku eta espazioa baitu. 
  • Lasaitzen laguntzen die kanpoan egoteak. 
  • Gaixotasun gutxiago dute. Indartsuagoak bihurtzen dira euri, elur, izotz, bero, hegohaize, iparhaize... guztiak bizi duten pertsonek. Zientifikoki konprobatua dago. 
  • Harremanak lantzeko eremu bikaina dugu, identitate indibidual zein kolektiboaren urrats garrantzitsuen leku-momentua-denbora:
    • Lagundu, lagundua izan. 
    • Eraman eramana izan.
    • Behatzailea, behatua izan. 
    • Imitatua, imitatzailea izan. 
    • Entzuna, entzulea izan.
    • ....
  • Patioa denena izatea ahalbideratzen du, bizitzeko pentsatutako patio batek. Genero ezberdinetako pertsonek txikitatik kanpo espazioan aritzen badira, bertako ohiturak, arauak ( esplizitu zein inplizituak) bai eta gerta daitezkeen mugak gainditzeko bidea da. Egun, patioa askotan gertatzen dena, herriko plazan gertatzen denaren islada da. Ezin dugu hori onartu. Hezi ditzagun espazio guztiak guztionak direnaren ez sentsazioarekin, ez sinismenarekin... hala denaren bizipenarekin. 
Baina guk zer egin bezakegu gure eskolako patioetan?

1. Denborak: Patio orduko ordu erdia luzatu edo patioa betik erabilgarri izan. Jarri arduradun bat edo batzuk eta patiora atera dadila nahi duenak nahi duenean (azken honen aldekoa naiz). Izan bedi bakoitza dena. Izan beza denbora.
Pinterest



2. Patioa egokitu. Bizipenak ahalbideratzen duten espazioak eskaini behar ditugu, Francesco Tonuccik esaten duen bezalaxe " jolasa aberatsa izateko, inguruneak anitza behar du izan". Patioak ahalbideratu beharko luke: 
  1. Mugimendua, bizipenak, esperimentazioa, manipulazioa, asktasuna...
  2. Sormena
  3. Banakako identitatea zein taldekoa eraikitzen lagunduko digun espazioa. 
  4. Behatzeko aukera emango diguna.
  5. Askatasunez mugitzeko aukera zein intimitatean, babesean egotekoa. 
  6. Naturaz, urtaroez gozatzeko aukera emango diguna. 

Patioan zer? 

  • Lorategia edota baratza
  • Ura. Iturria, aska, potzuak...
  • Maila ezberdinetako  eremuak:
    Park Sieisure
    • Enborrezko zirkuitoak
    • Mendixkak (neumotikoekin, ostoekin, egurtxoekin, arrokekin...)
    • Zuhaitzak
    • Eskalatzeko hormak 
    • Sokak

  • Jolas sinbolikorako espazioak: etxetxoak, txabolak, tipiak, barkuak...
  • Itzalak: zuhaitz, osto, oihalak...


  • Aterpeak: txabola, aterpeak, babesa emango duten eremuak...



  • Hareatzak edo "areneroak": nik hau bai, baina-rekin jarriko nuke. Hondarrak xomorro asko erakartzen ditu eta horren txikiak ez diren animaliak baita ere. Tapatu gabe, katuak etorriko zaizkigu eta tapatuta hezetasuna gustatzen zaizkien xomorroak... hemen duzue hareatzen inguruko artikulutxo bat.https://elnousafareig.org/2015/07/24/sorrals/
  • Jolas tradizionaetara jolasteko aukera emango duen espazioa.



Normatiba edo aintzat hartzeko zenbait gomendio:
  • Ertz zorrotzak ekidin: ltzeak, puntak...
  • Enborretan brintzik ez. 
  • Txirristak, rokodromoak... edo altura nabarmena duten egiturak, oinarri indargetzaile (amortiguadore) baten  gainean jarrita egon behar dute.
  • Oinarri indargertzaileak honako hauek izan daitezke: 0,2 eta 8 milimetro (eper-begia) bitarteko hondar zein inpaktua xurgatzen duten antzeko azal begetal edo materialek osatzen dute. Kontuz, orain arte gure patio zein herriko ziburuak dauden lekuetako lurrekin. Ura xurgatzen dute, haurrei ez diete estabilidaderik ematen oinez ibiltzean eta erorketarik badago, ez dira konziente egiten nola erori eta zer geratzen denarekin. 
  • Arenero edo hareatza: aireztatuko dena, xomorro ahalik eta gutxien izango dutena... hondar silizeoa da.
  • Esku, buru, hankak harrapatuak geratuko ez diren hesiak jarri. 
Nola aldatu dezakegu?
  • Enpresa bati enkargatua.
  • Auzolanean. Hezitzaile, familia, herriko elkarte... komunitatekoak.
  • ...
Mantendua nola?
  • Komunitateak berak zaindu beharko luke. Txandaka? Errotazioz?... 
  • Europako herrialde batzuetan pertsona bat egoten da udaletxeak edo diputazioak kontratatua patioak "zaintzeko". Hau da, goizeko ordu jakin batetik arratsaldeko edo iluntzeko ordu jakin bat arte, langabezian edo egoera zail batetik pasatzen ari den pertsona batek egiten du zaindari. Ireki, materiala atera edo eskuragarri jarri, zaindu...
Hesirik bai edo ez? Hemen ere koxka. Kultura da, ez dakit oso ondo zein urtetan jarri zuten hesia... nik dakidala nire gurasoen garaian ez zegoen eskola patioan hesirik, baina nire oroimenean betik egon izan da. Zergatik hesitzen ditugu eskola eremuak, publikoak badira? Zeren beldur gara? Zer lortzen dugu? Desiatua izatea bertan egotea? Ez dakit, nik ez nuke jarriko baina...

Eta zuek? Zein patio duzue? Aldaketarik egiterik nahi? EAEko auzolan taldea egingo dugu? Zer deritzozue?



2017/12/04

Eskolako espazioen azterketa egiteko gida, edo...

Azkenaldian, dozena erdi bat txorik esan didate, “zuhaitz” ezberdinetan entzun dutela, nire lana espazioak eta materiala antolatzea dela edo horretan nabilela buru belarri. Beste lan eremu batzuk ez ditudala lantzen. Ez da egia. Pentsatu izan dut esan didatenean, baina akaso hori da plazaratzen dena edo ikusten dena.

Baztango Haurreskola
Espazioa ezer gutxi da bertan bizi diren horiek gabe. Nola “ikusten” ditugu besteak? Nola ikusten dugu haurra. Pertsona bat bezala. 100 lengoaia dituena, pentsamendua duena, komunikatzen dena, interakzioa duena (berdinekoekin zein helduekin)... hori eta gehiago dago espazio eta materialaren “atzean”. Nola ikusten dugun haurra, horrek baldintzatuko du, nolakoak garen hezitzaile bezala. Bestea ikusteko, tratatzeko… erak.



Ostiralean, lan lekuan, in-fan-cia 166. zenbakia nuen mahai gainean. Lehengo artikuluan, Beatriz Truebak primeran azaldua, “ttak” horixe da nik azken 2 ikasturtean azaleratu nahi dudana! Txukun, goxo, garbi azaltzen du espazioaren analisia egitean zertan erreparatu behar dugun:


  • Ongizatea ahalbideratuko duen espazioen azterketa eta ebaluazioa
    • Etxearekin antzekotasuna
    • Espazioa gozoak
    • Etxetik ekarritako materialak- etxearekin lotura izateko.
    • Material naturala - Otarrak, egurra, oihala…-
    • Ongizatea, lasaitasuna eta intimitatea ahalbideratuko duten espazioak
    • Haurren neurriko espazioak
    • Altura ezberdinak dituzten espazioak.
    • Leku interesgarriak
    • Kolore naturala batik bat. Kolore biziegierik, ez.
    • Sapai baxuko espazioak (oihalak, txabolak, kartoiak…)
    • Eskola emozionala: presarik gabekoa, erritmo ezberdinak hartzen dituena, denbora luzeak zein motzagoak onartzen dituena.

  • Esanguratsuak
    • Haurrentzat ezagunak diren espazioekin lotura dutenak
    • Haurtzaroaren interesekin lotura dutenak.
    • Ezagutza eta koneksio berriak ahalbideratuko duten proposamenak.

  • Estetika
    • Artea, irudiak orokorrean
    • Eskolari loturiko ikonografiatik aldendu. Topikoetatik aldendu.  Estetikari garrantzia emango diotenak.
    • Aurkezpenerako eremua.
    • Eskolan artea, ikusteko, hausnartzeko… kontenplazio hutserako
    • Ordena, armonia.
    • Argi zuzena
    • Argi proposamen ezberdinak…

  • Identitatea
    • Pertsonarena:
      • Taldearen sinboloak.
      • Talde eta lagunarteko identitatea
      • Norbanakoaren identitatea. Argazkiak, erretratuak…
      • Identitate pertsonala: kaxa pertsonalizatuak
      • Alteralitatea. Bestea izateko ahalmena izatea. Mozorroak, antzerkia, titireak…
    • Espazioarena:
      • Sarrera. Aurkezpena, erreferentzia erakusten du.
      • Eskolaren filosofia, identitatea aurkeztuko duen zerbait.
      • Zerbait gutaz esango duena: hezitzaileon talde argazki bat…
      • Umeek sortutako zerbait.
      • Zerbait umeentzako. Josalak, proposamenak…
      • Zerbait denontzat. Itxaroteko eta elkarrekin (familia, hezkuntza komunitatea) egoteko altzariak..
      • Espazio, eremu bakoitzeko identitatea: materialak, irudiak…
      • Taldearen espazio. Taldarentzat esanguratsua den espazioa. Identitate edukia izango duena.
      • Jantokia
      • Aldagelak-komunak
      • Jolas sinbolikoaren eremua
      • Artea eta sorkuntza artistikoa
      • Kanpo espazioa
      • Helduen espazioa
    • Denborena
      • Egunerokoak: sekuentzia panelak, eguzki erlojuak, egutegiak..
      • Aparteko ekintzena: bixitak, jaiak, gertakariak…
      • Bizi eta denborari denbora eman
      • “Hasierakoa”: aurreikustea, etortzeke dagoena, egutegia…
      • “Bukaera”: biltzea (literalki, ez), bizi denaren jasoketa…
      • “Ondorengoa”: bizitutakoaren berbizipena,gozamenerako.

  • Autonomia
    • Materialen eskuragarritasuna.
    • Materialak ikusgarri egon behar dute. Zer dagoen jakin behar da.
    • Materialen errotazioa: gorde eta berriz eskuragarri jarri.
    • Kudeaketa propioa
    • Edukiontzi ezberdinak
    • Sarbide garbi eta definituak
    • Transparentzia
    • Mugarriak eta eremuak ongi zehaztuak
    • Proposametan helduaren beharrik gabe ibiltzea
    • Egunerokotasunerako gauzetan parte-hartzea: mahai jarri, jaso, garbitu... eta horren errepresentazioa
    • Taldean sortutako arauak
    • Taldearen irizpide etikoak.

  • Komunikazioa
    • Interpertsonala
      • Helduarekin
      • Topaguneak
      • Espazio lasaiak
      • Familiarekin
      • Taldean
    • Bisuala
      • Eremuen arteko osmosia: eskola gardena
      • Banatu-konektatu / Isolatu eta komunikatzen dutenak
      • Altzari, egitura eta jolasa komunikatiboak: mezuen bozoia, espazioen arteko telefonoa, panel erdi transparenteak, butakak, aulki kulunkagarria...

  • Aniztasuna
    • Espazioak. Ez dira gelak bakarrik. Eskola osoa da.
    • Irudietan
    • Materialetan
    • Hormen eta sapaiaren erabileran
    • Altzariaren erabileran
    • Lengoaietan

  • Konplexotasuna
    • Ispiluak
      • Piramideak
      • Deforme ikusterazten dutenak
      • Bionboak
      • Mahaia
      • Margo-ispilua
      • Kaleidoskopioa
      • Periskopioa
    • Laberinto eta espiralak
      • Ibilbideak
      • Instalazioak
      • Estrukturak
      • Mahai jolasak
      • Mandalak
      • Land art (natura artea)
      • Espazio sinbolikoak, metaforak…
    • Argia eta itzala
      • Argi mahaia
      • Argia eta itzala kanpoaldean
      • Argia eta itzala barnealdean
      • Argia eta kolorea
      • Transparentziak
      • Hormentan itzalak. Planoan itzalak.
      • Itzalen antzerkiak
    • Ukimena, usaimena eta soinuak
      • Sinestesiak
    • Alterazioak eta transazioak
      • Irudiak eta jolasak: collageak, aurpegiak, liburuak, paperezko gorputzak...
      • Pentsarazteko irudiak: prespektiba arraroak, argazki bereziak…
      • Ilusio optikoak
      • Umeek egindako argazkiak

  • Jolas tradizionalak: korroak, xibak, goma, soka...

  • Natura. Indartsua dena.
    • Ura, putzuak, urgainean geratzen diren elementuak…
    • Haizea, airea, putz egiteko elementuak…
    • Xomorroak, aquariuma…
    • Baratza, loreak, zuhaitzak…
    • Lokatza, lurra, area, zentzumenak, hotza, beroa, eguzkia, euria, elurra…
    • Barruan egiten ditugun ekintzak kanpora ateratzea: margotzea, hamaiketakoa, mahai jolasak…
    • Esplorazioa eta deskrubimentua: zubiak, txabolak, zuhaitzetan etxeak, tunelak…
    • Baztango Haurreskola
      Mikromunduen behaketa. Lupak, prismatikoak, grabazioak…
    • Jolasa sinbolikoak kanpoan

  • Heldua. Hezitzaile. Bidaidea.

    • Behaketa egiteko aukera
    • Hausnartzekoa
    • Dokumentatzeko
    • Trukatzeko, elkarlaguntzeko.
    • ...


Bikaina iruditzen zait. Hausnartze hutsean ez geratzeko aproposa. Sakondu nahi duenarentzat, jarraitzeko “ogi zatitxoak” bota ditu lurrean… Ezer gehiago gehituko zenuke? Zure eskolako espazio kuttunena erakutsiko zenuke? Bertan duzu aukera…